Finantza-terminoen glosarioa
KONTZEPTU OROKORRAK
- Amortizazioa: zorra pixkanaka itzultzea. Maileguan utzi edo aurreratu digutena apurka-apurka ordaintzea.
- Aurreztea: dirua etorkizunerako gordetzea, ohiko gastuaren zati bat erreserbatzea, edo gastu edo kontsumo handiegia saihestea.
- Dohaintzak (GKEak…): dirua edo beste ondasun material batzuk ematea da.
- Espainiako Bankua: estatuko banku zentrala da, eta Espainiako banku-sistema ikuskatzen du.
Inflazioa: prezio orokorren gorakada iraunkorra da, ondasun jakin baten edo batzuen eskaria ezin asetzeagatik sortzen den prezio gorakadak abiarazita.
- Interesa: zor bat denboran itzultzeagatik ordaintzen den gainkostua da.
- Kreditua: erakunde bati (adibidez, banku bat) edo pertsona bati zor zaion diru-kopuru bat da.
- Kriptomonedak (txanpon digitalak): Kriptomonetak, kriptodibisak edo kriptoaktiboak ere deituak, trukerako balio duten bitarteko digitalak dira. Unean uneko teknologia berritzaileenetako baten babespean (blockchain edo bloke-katea) erosketak, salmentak eta beste finantza-transakzio batzuk egiteko aukera ematen duten ordainketa-tresnak dira. Txanpon horiek ez dira fisikoki existitzen: zorro digital batean gordetzen dira (walletak). Hori bai, ez daude inongo finantza-erakundek araututa.
Murrizflazioa: prezio berean, produktuaren kantitate gutxiago.
- Oinordetza: pertsona bat hiltzen denean, haren ondasun, eskubide eta betebeharren transmisioa da.
- Ondarea: pertsona edo instituzio bateko ekonomikoki balioetsi daitezkeen ondasunak.
- Sariak: literaturaren, zientziaren eta artearen alorretako sariak unean uneko diru-sarreratzat hartzen dira, eta haiengatik zergak ordaindu behar dira errenta-aitorpena egiten denean.
- Zorpekoa: kontu korronte batek “zenbaki gorriak” dituenean gertatzen da; hau da, saldoa ordainketa bat egiteko nahikoa ez denean eta erakundeak desfasea estaltzeko baimena ematen duenean.
- Zorra: pertsona batek gauza bat, normalean dirua, itzultzeko duen betebeharra.
GASTUAK
- Aukerako gastuak: ezinbestekoak izan ez arren gustatzen zaizkigun gauzetarako gastu guztiak dira. Murrizketak egin behar direnena, horiek dira alde batera uzten diren lehenak. Denok ditugu premiazkoak ez diren gastuak, gure bizi-kalitatean eragin handirik ez dutenak eta beste helburu produktiboetarako erabil genezakeen dirua kentzen digutenak. Komeni da gastu horiei uko egitea. Kendu ditzakegu, gure esku dago.
- Derrigorrezko gastu aldakorrak: janaria, arropa, gasa, erregaia, elektrizitatea eta antzekoak dira. Derrigorrezkoak dira baina ez dakigu zenbatekoak diren. Kontsumoaren arabera ezberdinak dira.
- Derrigorrezko gastu finkoak: hipoteka, alokairua, maileguen kuotak eta antzeko gastuak dira. Haien zenbatekoa ez da asko aldatzen hiletik hilera. Badakigu noiz eta zenbateko izango diren.
TXARTELAK
- Kreditu-txartela: eskudirurik izan gabe ordainketak egiteko aukera ematen duen tresna bat da. Oro har, hilaren amaieran, zordunketa egiten da diru-kontuan. Kreditu-txartelaren bidez, ordainketa atzeratu egin daiteke, baina horrek interesak ordaintzea dakar berekin. Txartel horiek kutxazain automatikoetan dirua ateratzeko ere erabil daitezke, baina komisioak ordaindu behar dira.
- Zordunketa-txartela: kreditu-txartela bezala, eskudirurik izan gabe ordainketak egiteko aukera ematen duen baliabidea da. Hala ere, zordunketa-txartelaren kasuan, zordunketa berehala egiten da kontuan; beraz, kontuan dirurik ez badago, ezingo da ordainketa egin. Txartel horiek ere kutxazain automatikoetan dirua ateratzeko balio dute; txartelaren sareko kutxazainetan erabili ezean, komisioa ordaindu beharko da.
- Revolving txartela: Kreditu-txartel mota bat dira eta, horien bitartez, iraupen mugagabeko kreditu berriztagarri bat ezar dezakezu, hileko kuota finko bat zehaztu eta erosketak automatikoki geroratu ditzakezu. Baina dena ez da hain polita: zorra areagotu egiten da eta interesa neurriz kanpokoa izan ohi da.
ZERGAK
- BEZa: balio Erantziaren gaineko Zerga. Kontsumoaren gaineko zerga bat da. BEZa kobratzen da enpresa batek produktu edo zerbitzu bat saldu eta dagokion faktura igortzen duenean. Orokorrean, konpainiek beste enpresa batzuei ordaindutako BEZaren errenboltsoa jasotzeko eskubidea dute, baldin eta fakturak badituzte. Azken kontsumitzaileak ez du errenboltsorik jasotzen.
- Jokoaren gaineko zerga: estatu-zerga da, baina, finantzaketa-sistemaren esparruan, autonomia-erkidegoen esku dago, osasuna, hezkuntza eta gizarte-politikak finantzatzeko. Oinordekoaren ahaidetasun-harremanaren arabera finkatzen da zerga.
- Oinordetzen gaineko zerga: estatu-zerga da, baina, finantzaketa-sistemaren esparruan, autonomia-erkidegoen esku dago, osasuna, hezkuntza eta gizarte-politikak finantzatzeko. Oinordekoaren ahaidetasun-harremanaren arabera finkatzen da zerga.
- Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), ondasun higienizen baten jabegoa edo horren gaineko eskubide errealak zergapetzen ditu
- Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga (PFEZ): estatuak dirua bildu behar du, gastu publikoetarako (osasuna, hezkuntza, segurtasuna, etab.). Kasu honetan, pertsonaren diru-sarreren gainean ezartzen da. Gutxieneko diru-sarrerak ezarri ohi dira, zerga hori ordaintzeko betebeharra izateko.
- Sozietateen gaineko Zerga: estatuak kobratzen duen zerga da, enpresek lortzen dituzten irabazien gainekoa.
- Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen gaineko Zerga (TMIG), bide publikotik zirkulatzen duten trakzio mekanikodun ibilgailuen jabetza zergapetzen du, mota eta kategoria edozein delarik.
- Zerga-kenkaria: zerga-kuotari ken dakiokeen zenbatekoa da. Finantza-arloan, hainbat produktuk duten abantaila da; esate baterako, pentsio-planek eta etxebizitza-kontuek.
KREDITUA-FINANTZAKETA
- Epekako erosketak: produktu edo zerbitzu bat zenbait alditan erostea da. Ez da unean bertan ordaintzen, epeka baizik. Oro har, kostu erantsi bat du, beranduago ordaintzeak sortzen dituen interesengatik.
- Finantzaketa: behar dugun diru-ekarpena proiektu edo jarduera bat zehazteko, adibidez, negozio bat garatzeko edo ondasun bat erosteko (erosketa bat finantzatu). Oro har, maileguen edo kredituen bidez lortzen da gehienetan finantzaketa.
- Hipoteka: hitza kreditu baten ordainketaren berme gisa hartzen den higiezin bati dagokio. Horrek esan nahi du lursaila, etxebizitza eta abar jabearen eskuetan dagoela, baina hartzekodunak (aurrezki-kutxa, bankua…) higiezina saltzea susta dezakeela, baldin eta zorra ez bada adostutako epean ordaintzen.
- Interes-tasa finkoa: finantza-eragiketa baten iraupen osoan zehar aldatzen ez den interes-tasa da. Esaterako, tasa finkoko eta hamabost urteko hipoteka batean, interestasa bera aplikatzen da beti, merkatuetan zer gerta ere.
- Interes-tasa aldakorra: finantza-eragiketa baten iraupenean zehar aldian behin (esate baterako, sei hilean edo urtean behin) berrikusten den tasa da. Berrikuspenean, erreferentzia-tasa bat erabiltzen da; adibidez, Euriborra. Tasa horren bilakaerak zehaztuko du tasa aldakorra txikitu ala handituko den. Tasa aldakorra oso ohikoa da hipoteketan, eta normalean, Euriborrari lotuta dago.
- Kuota: mailegu bat itzultzeko adostutako aldizkako ordainketa bakoitza. Kuotak konstanteak izan daitezke, edo noizean behin aldatu (tasa aldakorreko maileguen kasuan).
- Mailegua: uzten diguten dirua, adostatuko epean eta moduan itzuli beharrekoa. Kontuan hartu behar da zenbait gastu dituela berekin. Hau da, uzten diguten diruari beste diru kopuru bat gehitu behar zaio; alegia, uzteagatik kobratzen digutena. Mailegua izan daiteke hipotekarioa edo pertsonala.
- Mailegu pertsonala: partikular bati zordun gisa fidagarria delako ematen zaion mailegua da. Titularrak dirua itzultzearen erantzulea izango da bere egungo eta etorkizuneko ondareekin.
SOLDATA ETA PRESTAZIOAK
- Erretiro-pentsioa: langile batek kobratzen duen biziarteko pentsioa da, legezko adina duenean eta lan-jarduera alde batera uzten duenean jasotzen duena, baldin eta eskatzen diren baldintzak betetzen baditu. Zenbait erretiro-mota daude. Pentsioaren zenbateko kalkulatzeko, zenbait elementu izan behar dira kontuan, hala nola, kotizatutako urteak eta kotizazio-oinarriak. Hau da, Gizarte Segurantzari lan-bizitzan zehar egindako ekarpenen araberakoa izango da.
- Langabeziagatiko prestazioa: estatuak lanik gabe geratu diren eta aldez aurretik kotizatu duten pertsonei ematen dien prestazio ekonomikoa da. Hura kalkulatzeko, kotizazio-denbora eta kobratutako soldata hartzen dira kontuan.
- Soldata: enpresek edo erakundeek beren langileei lansari gisa ematen dieten diru kopurua da. Normalki, hilean behin ematen diete. Aparteko pagak soldata barnean daude.
BANKUKO ERREFERENTZIA-INDIZEAK
- Euriborra: euroguneko banku-erakundeek elkarri dirua erosteko eta saltzeko erabiltzen duten tasa da. Finantza-kontratu askoren (besteak beste, tasa aldakorreko hipoteka-maileguak) ordainketa tasa horri lotuta dago. Hilean behin argitaratzen da.
- Interes nominala (INT): dirua emateagatik bankuarekin hitzartzen den ehunekoa. Nagusia soilik aintzat hartuta, hilero-hilero edo epe jakin batean finantza-produktu batek sortzen duen errentagarritasuna edo interesak dira; kapitalizazio bakuna da, UTB, aldiz, kapitalizazio konposatua da.
Kontsumoko Prezioen Indizeak (KPI): familiek, prezio normaletan eta kontsumoko zenbait funtziotan, kontsumitutako ondasun eta zerbitzuen prezioen koiunturako bilakaeraren estatistika neurria ematen du. Informazio iturria INEk egindako estatistika da, hilerokoa eta estatu arlokoa.
- Urteko Tasa Baliokidea (UTB): produktu baten benetako kostua edo errendimendua adierazten duen interes-tasa. Interes-tasa nominala, komisioak eta eragiketaren epea barne hartzen dituen formula matematiko baten emaitza da. UTB hitza aurrezteko produktuetan eta maileguetan (hipotekakoak eta kontsumokoak) azaltzen da. Interes-tasak ez bezala, diruaren jabeak dirua aldi baterako uzteagatik jasotzen duen ordain osoa adierazten du UTBak.